XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bruno ECHENIQUE idazlea, lapurtarren artean sartzen du Onaindiak, bainan nafarra izan zen, Urdazubikoa, Elizondon bizitua.

Prinzipe Bonaparterendako franko idatzi zuen, eta harek asko estimatu, Echenique-k itzulpenak xuxen egiten ziozkalako, fantasiarik batere gabe; gizon letraduna zen eta ikasia.

BONAPARTE bera ere sartzen du autoreak, euskal liburuxka eta itzulpen asko eginarazi bai zituen, diruketa aundiak xahutuz horretarako.

Hala ere, euskaldunak eskerrotx agertu dira beti, izkuntzalari jakintsua izan zenaren alde, bihotzez euskalduna zela aitortu arren bere izkribuetan.

Zer ttipikeria!.

Franzisko LAPITZE ere sail hortan sartu du, baina Arizkun-Baztangoa da idazle aundi hori sortzez, bere aitzinaldeko aitonak eta arrebak bezala.

Bi saindu eskualdunen bizia liburua idatzi zuen, euskara eder eta atsegin batez moldatua, nobela bat iduri.

Xabier eta Inazioren biografia hori, literatur eredu bezala gelditu da, historia aldetik noizpait irristatzen bada ere.

DUVOISIN kapitaina ere aipatzen du, BIBLIA osoa euskeratu (ederki) zuelako Bonaparteren bizkar; Laborantzako liburua, Euskara-frantzesa Iztegia eta beste euskal izkribu parrasta baten artean.

Larralde, David eta Guilbeau, olerkari onak izan ziren (iruak medikuak) eta Elissamburu saratarra, grenadieren kapitaina, euskal olerkari guztien arteko oberenetarik bat izan zena, aipaturik daude; Nere etxea Maria Lehen eta orai diralakoen egillea, azken aipatua.

Gipuzkoarren artean, J. Batista AGIRRE, giputz-euskeraz izan den idazlerik lerdenena eta garbiena; Echagaray, Iturriaga, bai eta Gaspar JAUREGUI Artzaia deitu gudulari famatua, Frantzestean Espoz y Mina-ren meneko egon arren, euskerazalea ere izan zen, eta izpirituz liberala.

Kristina erreginari, Don Gaspar de JAUREGUIC bere anai euscaldunei zortzicoetan, 12 bertsuko poema bat dedikatu zion.

Arabarren artean Jose Paulo ULIBARRI aipatuko dugu, II-garren liburu hortatik, aitzindari bat izan zelako Gabon kantak - Egunariak 1815 urterako idatzirik, bai eta GUTUN LIBURUA bereziki, jende sonatuen euskal kartak ekartzen dituena; bai eta bere emazte Mari Pepatxori, amodiozko lerro gordin eta ausartak.